Euskal Herria pertsonentzat

COVID19-AREN ONDOREN, PERTSONENTZAKO EUSKAL HERRIA ERAIKI DEZAGUN

COVID19-aren pandemiak eta konfinamenduaren esperientziak agerian utzi du gure lurralde- antolamenduan aldaketa sakonen behar larria. Etorkizuneko pandemiei aurre egiteko, justizia sozialean aurrera pausuak emateko eta planetari eragiten dion krisi klimatiko larria indargabetzeko, luza- ezina da gure planetaren merkantilizazioarekin amaitu eta horren ordez bizitza, forma guztietan, erdigunean jartzea.

Manifestu honek ez dio inorri ezer eskatu nahi. Gure etorkizunarekiko antolatu eta arduratsuak izan gaitezen deia luzatu nahi dugu. Hemen sinatutako pertsonok, elkarlanean eta sarean lanean aritzera eta gai hauen inguruko eztabaidarako topaketa espazioak sustatzera konprometitzen gara. Hemen jasotako neurriak modu aktibo eta eraginkorrean pentsatu, diseinatu eta inplementatzeko konpromisoa hartu nahi dugu.

COVID19REN OSTEAN, PERTSONENTZAKO EH-A BEHAR DUGU

bizitzak erdigunean, merkantilizazioaren ordez

Gure lurraldearen planifikazio, diseinu, erabaki, kudeaketa edota defentsan, kontzientzia edota erantzukizunen bat dugun guztiengana jotzen dugu. Gizarte-mugimenduetatik hasi, teknikari eta arduradun politikoetara, hala nola, gizartearekin konprometitutako eragile ekonomikoak, ere bai. Pandemiaren esperientzia tragikoa eta gero, uste dugu agerikoa dela bestelako lurralde eredu baten aldeko apostuaren beharra. Trantsizio baten beharra dugu, Euskal Herria COVID19 osteko garairako ahalik eta azkarren presta dadin eta, oro har, etorkizuneko egoera ilunei aurre egiteko, bai osasungintza-gertaerei dagokionez, zein krisi klimatikotik eratorritakoei, guri bereziki arduratzen gaituen gai bat.

Bizitzen ari garen COVID19-ren konfinamendua dela eta, osasungintza, ekonomia eta ikuspegi sozialaren egoera dramatikoak, gure lurralde antolamenduaren egiturazko arazoak (ber)azalarazten ditu eta horrek nabarmen larriagotu ditu, epidemiak gure bizi-baldintzetan dituen ondorioak.

Gure lurraldeak oso garapen desorekatua bizi izan du azken hamarkadetan. Azken 30 urteetan, gure historia guztian zehar bezainbeste urbanizatu dugu. Euskal Herriko biztanleen %80a geroz eta hiri handiago eta dentsoagoetan bizi da. Hiriaren orbana zonalde handiagoetara zabaltzen ari da metropoli- prozesuak sortaraziz eta landa-garapenari lotutako guneak hustu ditugu. Despopulazio prozesu paraitzen ari dira bereziki Jurramendin, Pirinioetan, Zangotzan eta Nafarroako erdialdean, hala nola, Behenafarroa zein Zuberoa bezalako probintziek bere osotasunean. Oinarrizko zerbitzurik gabe, aukera ekonomikorik gabe, etxebizitza eskuratzeko ezintasunekin eta gazteriaren etengabeko exodoan, lurraldearen bizitasuna apalduz. Aldi berean, Euskal Herriak bere osotasunean pairatzen du desoreka hau, hiriek ere, nekazaritzaren krisia lurralde-eredu xahutzailea baten sintoma baita, fluxu globalen dependiente bilakatzen gaituena, gure hirietara elikagaiak eramateko oinarrizko gaitasun arazoak sortaraziz adibidez.

Bigarren etxebizitzen fenomenoa eta, gaur egun, turistifikazioarena, gure hiriburuetako eta kostaldeko hirietako jendearen bizi-baldintzak prekarizatu ditu : Lekeitio, Zarautz, Hendaia edo Donibane Lohitzune honen adibide garbiak dira. Etxebizitzaren prezioa garestitzea, azpi-erabilera duten etxebizitzen areagotzea eta sasoiko lanak sustatuz.

Alarma-egoeraren ondoriozko konfinamendu garaian, kutsadura eta zarata asko jaitsi da, neurri handi batean, garraio pribatuaren murrizketa dela eta [autoa eta motorra], hori dela eta, motordun ibilgailu ezaren onurak bizi ahal izan ditugu. Gainera, hiriguneetara naturaren itzulerak eta turismo ezak pertsona guztien bizitzarako baldintza onuragarriak sortu dituzte, kalea ber-jabetzanjarriaz atentzio berezia eta konfinamendua amaitu bezain laister, hirietan haur-jolasak garatzeko aukera nabarmenduz.

Garai honetan, gure lurraldeari lotutako ekonomia izateak duen garrantzia ere egiaztatu dugu, bai mugatutako mugikortasunera egokitzeari dagokionez, bai erresilientziari eta erronka berriei erantzuteari dagokionez ere.

Bestalde, desberdintasunak areagotzen ari dira, eta epidemiak handitu eta bisibilizatu egiten ditu besterik ez. Pertsonarik zaurgarrienentzat, 2008ko krisialditik beren prekaritatea areagotu zena, orain guztiz gainbehera doaz . Gero eta familia gehiagok ezin diote aurre egin epidemia baino lehen ordaindu beharreko alokairu-kuotei, merkatua modu artifizialean erregulatzen duten inbertsio-funtsak (putre-funtsak) egoteagatik puztutako prezioak direla eta. Pobrezia energetikoa milaka familiaren errealitatea da. Milaka pertsonek ez dute etxebizitzarik gure hirietan, eta horrek konfinamendu garaian, izurriteari aurre egiteko gaitasunik gabe uztetik haratago, zailtasunak eragingo dizkie, izurritearen ondoren beraien bizitza berrantolatzeko.

Belaunaldi bat galdu dugu, gehienak egoitza pribatuetan hil diren adinekoak. Gure iragana galdu dugu, gizarte neoliberalean pertsonak, produzitzen ez dutenean, arazo gisa hartzen baitira, memoriaren eta esperientziaren gordailu hartu beharrean.

Azkenik, pandemiak hauspoa eman diezaioke kontrol-gizarte bati, eta irmoki kontrastatu beharra dugu hau, askatasun pertsonalak eta kolektiboak bermatuz. Zentzu honetan, aplikazioetan eta gailuetan sortzen diren datuak modu irekian kontrolatzearen aldeko apustua egin behar da, pribatizazioa eta erabilera merkantilista edo errepresiboa saihestuz. “Open Data”-ren alde egitea, kode itxiaren aurrean.

COVID19 osteko garaia, aukera paregabea da neurri —iraunkorrak— bultzatzeko, lurraldea pertsonei itzultzeko, gizarte-desberdintasunak eta horien arrazoiak zuzentzeko, gure inbertsioak birpentsatzeko, hustutako lurraldeetarako etorkizuna ziurtatzeko, mugikortasuna berrantolatzeko, hiriak (ber)naturalizatu eta des-merkantilizatzeko eta hiri des-hazkundea sustatzeko.

Gure lurraldeak demokratizatzeko eta gobernantza eredu berri bat ezartzeko aukera ere bada, eztabaidarako gune zabalak eta erabakiak hartzeko prozesu berriak irekiz. Boterearen geometria berria bat, tokian tokikoarekin eta gertukoarekin konprometituagoa eta iragazkorragoa.

Manifestu hau, lurralde-antolamenduaren egiturazko aldaketa sakonei bizia ematea, funtsezkoa eta urjentziazkoa delako jaio da, hain zuzen ere, Egungo landa-eremuaren utzikeria gainditzeko eta hirien, zein bertako biztanleen merkantilizazioa ordezkatzeko eta aukera berdintasunaren alde apostu egiteko, funtsezko bost elementutan oinarrituta:

• Lurralde osorako etorkizun orekatua

• Mugikortasunaren berrantolaketa eta kalearen ber-jabetzea

• Hiriaren (ber)naturalizatzea

• Etxebizitzaren eta oinarrizko zerbitzuen des- merkantilizazioa

• Des-hazkundea

Sinatzaileok neurri hauek lehenbailehen gauzatzearen aldeko apustua egiten dugu:

LURRALDE OSORAKO ETORKIZUN OREKATUA

Hiriaren eta landa-eremuaren arteko harremana orekatzeko inbertsioak.

Zerbitzuen deszentralizazioa eta birdimentsionamendua, lurralde osoko pertsonentzat eskuragarri izan daitezen, herri biziak ziurtatuz.

Nekazaritzako ekoizpen ekologikoa bultzatzea eta hiriko hornidura eta kontsumoarekin lotzea, kate ekonomiko labur eta koherenteak ziurtatuz.

Lehenengo sektorean bidezko merkatu eta egonkorra bermatzea, dibertsifikazio-politika aktiboen aldeko apustua eginez, agroekologian oinarrituta.

Eremu publikotik ekimenak bultzatzea, nekazari berriek nekazaritzan gaur egun dagoen egoera monopolikoari aurre egin diezaioten, eta lur publikoen eta baliabideen banku bat sortzea (materiala eta aholkularitza), nekazariei lanera itzultzen laguntzeko.

MUGIKORTASUNAREN BERRANTOLAKETA ETA KALEAREN BERRJABETZEA

Azpiegitura handien luzamendua. Mugikortasuna eragiten duten azpiegitura handietako inbertsioa geldiaraztea (adibidez, AHT, supersur, etab.). Lurraldeen arteko loturak gizartearen ikuspegitik birpentsatu behar dira, eta ez da horietan diru publikoa hipotekatu behar, larrialdi-egoera batean gaudelak kontutan hartuta.

Hirietan automobil pribatuaren eta motozikleten erabilera nabarmen eta berehala murriztea, kutsadura nabarmen eta epe laburrean murrizteko [bereziki, NO2, SO2, PM10, PM2,5, O3], une bakoitzean OMEk adierazitako mugen azpitik mantenduz eta hirietako kutsadura akustikoa nabarmen murriztuz.

Gure hirietako logistika eta barne-banaketako sistema ekologikoki pentsatzea, eta, gainera, komunitatea sortzen duen hurbileko tokiko merkataritza ez suntsitzearen aldeko apustua egitea.

Hiriko mugikortasuna bizikletan oinarritzea, batez ere 30.000 biztanletik beherako guneetan laguntza publikoak eskainiz, bizikleta mekanikoak edo “cargo” bizikletak eskuratzeko. Ibilgailu motordunik (automobila, motorra, etab.) ez duten familientzako laguntza nabarmen handituko da. Bizikletentzako kaleko aparkalekuak eta aparkaleku babestuak antolatzea. Bizikleta publikoen sistemaren alde egitea, batez ere 30.000 biztanletik gorako guneetan. Erabiltzen ez diren bizikletak eta bigarren eskukoak, berreskuratzea eta berrerabiltzea, ekonomia sozialeko enpresen bidez.

Epe laburrean, lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako garraio publikoko sare oso eraginkorra eta ez-kutsatzailea antolatzea, arreta berezia jarriz metropoli areei. Tarifa bakarrak eskaintzea, distantziaren arabera eta ez operadoreen arabera (turistak alde batera utzita), edo doakotasun osoa, egoiliarrentzat edo nahitaezko mugikortasuna duten pertsonentzat.

Hurbileko eta komunitatearen partaidetza duten zerbitzu eta politika publikoen alde egitea. Gure hirietan, batez ere, pertsona orok izan behar du oinarrizko zerbitzu/azpiegituretarako sarbidea, oinez joanda 15 minutuko erradioan.

Aldi baterako neurriak ezartzea distantzia fisikoari eusteko (2 metro), galtzada pertsonei eskainiz eta bidegorriak mantenduz. Aldi baterako neurrien ondoren, hirigune guztiak pixkanaka oinezkoentzat jartzea, ‘espaloia’ kontzeptua aldatuz. Jendearentzako kalearen zati bakarra izan beharrean, espaloi berriak izango dira jendearentzako ez den kalearen zati bakarra: zehazki, garraio publikorako erreiak, larrialdiko garraioa, merkantzien banaketa (batez ere bizikleta karguen bidez eta, hein batean, trakzio elektrikora murriztutako furgoneten bidez) eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako garraio pribatua. Gainera, oinezkoentzako espazio berri horiek jarduera desberdinak egiteko aukera eman behar dute, ez dira fluxuen zirkulaziorako espazio gisa soilik hartu behar.

Plazak eta parkeak (ber)diseinatzea, espazio berean erabilera eta jarduera desberdinak emateko eta pertsonen autonomia eta sozializazioa bultzatzeko.

Kale eta plazetan haurren jolasa bultzatzea. Jolaserako eremu espezifikoak artifizialki antolatu beharrean, kaleko jolasaren hezkuntza-funtzio garrantzitsurako beharrezko baldintzak bermatzea.

Hainbat taldek kalea erabili eta hartzeko aukera ematea, zaintzarekin zerikusia duten lanak kontuan hartuz eta belaunaldien arteko eta kultura arteko harremanetarako guneak sustatuz.

Esku-hartze horietan guztietan, komunitateen oroimenari eustea eta balioan jartzea, bereziki emakumeek egindako lanei, orain arte ikusezin izan baitira.

Garraioak eragindako zarata mugatzea. Udal-ibilgailu elektrikoen alde egitea, batez ere ibilgailu kolektiboen edo hondakinak biltzeko ibilgailuen alde, hirietako zarata eta kutsadura murrizteko. Erabilera pribatuko ibilgailu elektrikoari dagokionez, uste dugu ez dela ingurumen-arazoetarako irtenbidea.

OSASUNA ETA GIZA ONGIZATEA BERMATZEKO ETA HIRI-BIODIBERTSITATEA AREAGOTZEKO HIRIEN (BIR)NATURALIZATZEA

Hiriko berdegunerako azalera nabarmen handitzea, epe laburrera hainbat arautegitan ezarritako maila estandarretara iritsi arte (25-30 m2/biztanle). Klima-krisi larriaren aurrean kutsatzaileak eta CO2-a xurgatzeaz gain, hirian naturak presentzia nabarmena izateak, ongizate fisiko eta emozionala bermatzen du eta defentsa immunitarioak areagotzen ditu. Gainera, hiriko naturak haurren garapenerako hezkuntza aukera garrantzitsuak eskaintzen ditu.

Zuhaitzak landatzea, kanopiak sortuz eta mikroklima erregulatzen duten itzal-eremu zabalak sortuz (Wisconsineko Unibertsitatearen azterketa baten arabera, onura handiena lortzeko, hosto-mantua bloke bakoitzaren azaleraren %40ra iristea beharrezkoa da).

Asfalto kopurua nabarmen murriztea, lurrean ura iragazteko aukera ematen duten material porotsuekin ordezkatuz. Eta batez ere mikroklima erregulatu, beroa xurgatu eta hirian lurrarekin kontaktua berrezartzeko plazetan eta kaleetan lur-zati handiak uztea. Urarekiko eta lurrarekiko harremana berreskuratzeko aukera emango diguten hiriak behar ditugu, landareen erritmo motelari jarraituz.

Hiri hutsarteak asfalto gabeko berdeguneak eta hiri baratze komunitario zein norbanakoenak sortzeko erabiltzea, haiek sortzeko diru-laguntzak emanez.

Gure hiriguneetan argi-kutsadura murriztea, osasunerako eta udal-ekonomiarako ondorio onuragarriak ekarriz.

Landareen zein animalien biodibertsitatea sustatzea, hiri-ekosistemak sortuz. Korridore ekologikoak aurreikusi. Hiriak sakon birnaturalizatzea.

  • Hirian bizi den faunari ura eskainiko dioten guneak sortzea.
  • Hegaztiak elikatu eta erakarriko dituzten zuhaitzak landatzea.
  • Hirian zehar igarotzean diren gure ibaiak birnaturalizatzea, hirietako erreferentziazko gune natural bilakatuz.
  • Hiriko parkeetan mantenurako gune libreak sortzea.

Edateko uraren kalitate handiko iturriak aurreikustea (pertsonek, edozein lekutan, ehun metro baino gutxiagora iturri publiko bat izan dezaten), botilaratutako uraren salmenta murriztu eta ondoren deuseztatzeko helburuarekin.

  • Hiriguneen inguruan gerriko agroekologikoak sortzea, hiriaren hedapena mugatzeko eta hiriguneak hurbileko eta kalitatezko produktuekin hornitzeko.

ETXEBIZITZA ETA OINARRIZKO ZERBITZUEN DESMERKANTILIZATZEA

Etxebizitzarako eskubidea eskubide subjektiboa da, eta bere funtzio nagusia gizarte-funtzioa da, zehazkiago pertsonei bizitokia bermatzea:

  • Pertsona bakoitzak, inor baztertu gabe, denbora laburrean bizitzeko lekua izan dezan bermatzea. Norberaren bizitza edo bizitza kolektiboa berrantolatzeko beharrezko lasaitasuna sentitzeko ezinbestekoa da bizitzeko lekua izatea.
  • Inbertsio-funtsen presentziak puztutakoalokairuen egungo prezioak mugatzeaz gain hauek murriztea (baita gentrifikazio berdeko edozein fenomeno saihesteko ere).
  • Gure hiriburuetako edo kostaldeko hirietako turismo-pisuen kopurua nabarmen murriztea, eta alokairuko etxebizitza-parkera itzultzea.
  • Etxebizitza publikoa sustatzea, alokairuko etxebizitza parkean duen presentzia nabarmen handituz. Egungo eskaerari erantzuteaz gain, merkatua arautzeko metodo gisa.
  • Adinekoek, nahi izanez gero, etxean bizitzen jarraitu ahal izango dutela bermatzea, beren independentziari eusteko etxeko laguntza-zerbitzuak jasoz edo belaunaldien arteko etxebizitza partekatuen programak ezarriz.
  • Bizitza sozial eta komunitarioa aktiboa bermatuko duten kalitatezko egoitza publikoen alde soilik egitea.
  • Etxebizitza kolektibo eta komunitarioen ereduak sustatzea, jabetza pribatu indibidualaren logika hegemonikoa hautsi, baliabideak eta beharrak partekatu eta zainketa komunitarioak bultzatzeko metodo gisa.

Krisi honetan argi geratu da oinarrizko zerbitzuak komunitatearen jabetzakoak izatearen garrantzia. Horrela bakarrik har daitezke egoera bakoitzerako neurri egokiak (fakturen etendura) edo lurralde zein errentaarrazoiengatik arrakala digitala saihestea(eremu despopulatuak):

• Oinarrizko zerbitzuak (ura, energia, telekomunikazioak, elikadura, zaintza) bermatu ahal izateko enpresa publiko-kooperatiboak berriro sortzea beharrezkoa da, eta zerbitzu horiek merkatuaren esku bakarrik ez uztea.

• Telekomunikazioetarako, energiarako eta gainerako zerbitzuetarako egiten diren kanalizazio berriek publikoak izan behar dute.

DESAZKUNDEA

Ekonomiaren desazkundea bultzatzea, kontsumoa nabarmen murriztuz. Ekonomia sozial eta tokikoa, ekonomia kooperatiboa, saltoki txikiak eta abar sustatzea.

Gure lurraldeko aireportu eskaintza birpentsatzea (5 aireportu): handitzea galaraziz, murrizketa bultzatuz eta eraginkortasuna egokituz.

Gure lurraldeko portu azpiegiturak elkarlanean eta lehiarik gabe antolatzea, bikoiztasunak zein superportuak saihestuz.

Turismoaren desazkundea sustatzea.

Eraikin publiko zein pribatuetan energia gutxiago kontsumi dadin sustatzea. Baita eraikuntzako materialak berrerabil daitezela ere.

Gure hirietako ‘marka’-k sustatzeko inbertsioak kentzea, bertako biztanleen, naturaren eta hiriaren merkantilizazioa agerian utziz.

Lankidetza-lurraldea sustatzea, hirien artean biztanleak, turistak, ekitaldiak eta abar bereganatzeko lehia logiken aurka.

Manifestuaren ideia eta edukiaren zati handi bat Massimo Paoliniren (@perspanomalas) https://manifestesto.perspectivasanomas.org/ ekimenetik biltzen da.

Erredakzioa: Hiritik At koop. (@hiritik_AT)

EHko datuak: Gaindegia (@gaindegia)

Manifestu hau aurreragoko jardunaldi batzuk antolatzeko oinarria izango da.

Sinatu – Firma

Crea tu página web en WordPress.com
Empieza ahora
A %d blogueros les gusta esto: